Noticias

 

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea onartu zen 2016an (2/2016 Legea, apirilaren 7koa).

Gure autogobernu sistemaren egitura juridiko instituzionalaren zutabeetako bat da lege hori.

Euskararen erregimena atariko tituluan txertatu izana euskarari emandako garrantziaren seinaletzat har daiteke.

Udal Lege berriarekin, hizkuntza bat bakarraren erabilpena aintzat hartzen da, betiere herritarrek udal administrazioarekin harremanak dituztenean, hautatu duten hizkuntza errespetatzen bada.

6. artikuluaren 3. paragrafoak, funtsean, bi gauza esaten ditu: batetik, toki administrazioek hizkuntza ofizialetatik bat bakarra erabil dezaketela, eta bestetik, toki administrazioek, herritarrei komunikazioak helarazi behar dizkietenean, mekanismoren bat aurreikusi behar dutela komunikazio horiek herritarrak erabili nahi duen hizkuntza ofizialean helarazteko, betiere interesdunari kargarik edo betebeharrik ekarri gabe.

Paragrafo horrek Konstituzio Auzitegiak (31/2010 Epaian) baliatu zituen hitzak bildu ditu, eta funtsean betebehar bat ezartzen dio udal administrazioari: euskara zein gaztelania erabili nahi duen herritarrari bere hizkuntza aukeraketa gauza dezan erraztasunak eman dakizkiola.

2019ko azaroaren 19an Eusko Jaurlaritzak lege horri bide ematen dion dekretu bat onartu du

Laburbilduz, hizkuntzaren kudeaketari dagokionez, legeak udalerrien autonomia modu zabalean konfiguratu du. Esan daiteke legeak udal autonomia zabaldu egin duela hizkuntza gaietan. Udalek beren autonomia baliatu ahal izango dute udaleko zerbitzu eta lan hizkuntza zein izango den ezartzeko.

Hemendik aurrera, udal bakoitzak erabaki eta azaldu beharko du barne-harremanetan zein harreman publikoetan bi hizkuntzen erabilera nola antolatuko duen

Dekretu horren bitartez toki-erakunde guztietarako arau bakarra zuen fasea itxi eta aro berri bat irekiko da, non toki-erakunde bakoitzak zer hizkuntza erabili erabakiko duen bere errealitate soziolinguistikoaren arabera

EUSKARALDIA

Bide luzea egina du euskarak, eta harekin batera euskal hiztunok eta euskaltzaleok, etorkizuna irabazteko etengabeko ahaleginean. Bide luzea du egina euskal gizarteak euskara plaza guztietara duintasun osoz eramateko. Eta asko lortu da. Jardunak berak erakutsi digu, erakusten digu egunero, ezinbestekoa dela bide horiek, gauzak egiteko moduak, etengabe eguneratzea, eraberritzea, irudimenez biziagotzea. Eta argi erakusten ari gara euskalgintzan ari garen guztiok prest gaudela, eta gogotsu, irakaspena barneratzeko eta praktikan mamitzeko.

Jarduerak adostu ditugu. Diagnostikoak hurbildu ditugu. Ekimenak josi ditugu elkarrekin. Elkarrekin ebaluatu dugu egindakoa. Elkarrekin hobetuko dugu hobetu beharrekoa.

Ezagutzen ez genuen modu batean aktibatu zituen AHOBIZIak eta BELARRIPRESTak iazko EUSKARALDIAk. Gizarte-ariketa arrakastatsuak euskal hiztunak, neurri batekoak nahiz bestekoak aktibatu zituen, baita ere, herri aginteak eta askotariko gizarte-erakundeak, ikuspegi berri batetik.

Eta, batez ere, estrategiak eta diskurtsoak eraberritzeko joera eta prestasuna aktibatu zituen.
Aldekotasuna, horrela, konpromiso eragingarri eta praktiko bihurtzeko bidean jarri zen.

Badator, hurbileko ostertzean, ekimen haren jarraipena. EUSKARALDIA berraktibatuko dugu, berriz
ere denon arteko adostasun eta lankidetzan, eta 2020ko urteko Euskararen Nazioarteko Egunak
izango du, ezinbestez, toki propioa ariketa sozial erraldoi horren ingurumarian.

Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzeko EUSKARALDIA ekimenak 2020ko azaroan izango du bigarren edizioa. Iaz abiatuko zuten ekimena Euskal Herri osoan, eta momentuz bi urterik behin errepikatuko da. Zaratamon ez genuen parte hartu lehenengo edizioan eta udalaren gogoa litzateke , bigarren EUSKARALDIAn, hau da, 2020ko azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4ra bitartean izango den edizioan Zaratamoko herritarrok eta eragileok parte hartzea.

HORREGATIK:

  • Zaratamoko udalak euskararen normalizazioak hartu duen norabidearekin bat egiten du eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eragile aktiboa izango da
  • Zaratamoko udalak jarrera aktiboa izango du eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko legeari jaramon eginez, herritarren hizkuntza eskubideak eta aukerak errespetatuko ditu.
  • Zaratamoko Udala eragile aktiboa izango da Zaratamoko herritarrek aukera iza dezaten euskara ezagutzeko eta erabiltzeko
  • Zaratamoko udalak gure herriko herritarrei dei egiten die 365 egunez izan daitezen
  • AHOBIZI edo BELARRIPREST eta eragile aktiboak izan daitezen 2020ko EUSKARALDIAn