Historia

Historia

Euskara: zaratamoztarren komunikabidea

Toponimiaren azterketaren bidez, berehala konturatzen gara Zaratamoko elizatean finkatutako gizataldeak hitz egin duen hizkuntza eta, historian zehar komunikatzeko erabili duen hizkuntza euskara izan dela. Toponimo gehienak, hau da, errekak, mendiak, haranak, larreak, basoak, etxeak, auzoak eta abar izendatzeko erabili zituzten leku-izenak euskal toponimoak izan dira, gaztelaniazko toponimo berri gutxi batzuk izan ezik.

Zaratamoko bizilagunen hizkuntza euskara zela eta, era berean, gaztelaniaren ezagutza urria zutela frogatzeko pasarte bitxia bezain argia daukagu: Eusebio Mariano Azkueren ziurtagiri bat. Azkue jauna Zaratamoko elizatearen idazkaria izan zen eta bere ziurtagiri baten dioenez, Aldundiak 1832ko martxoaren 31n ariketa militar eta obedientzia itsuari buruz igorri zuen gutuna euskaraz  irakurri eta azaldu (ahots ulergarriaz) behar izan zien Udaleko kideei eta herritar armadunei.

Interesgarria da, bestalde, aurreko mendearen hogeiko hamarkadan, Arkotxa auzoan erabiltzen zen hizkuntza euskara zela baieztatzea

Irakaskuntzako Ikuskatzailetza Bulegotik 1920ko martxoaren 31n jakinarazpen bat igortzen diote Zaratamoko alkate-udalburuari hauxe eskatuz: "a la mayor brevedad se sirva manifestar a esta Oficina cual es la lengua usual en el barrio de Arcocha, de ese Municipio, si el euskera o el castellano, con el objeto de poder fijar la categoría en la que debe ser comprendida la nueva escuela".

Zaratamoko alkateak apirilaren 22an honako erantzuna bidaltzen du: "En contestación a su atenta carta, tengo el gusto de notificarle que, la lengua dominante en el barrio de Arcocha es el "euskera".

Kasu horretan, auzoaren ohiko hizkuntza ez zen gauza hutsala edo eta estatistika hutsa, horrek atzean irakaskuntza eredu bat edo beste baitzekarren.