Udala

Udala

Alkatearen agurra

Alkatea

“Zaindu maite duzun hori” esan zigun kantariak eta maite dugun herria izango da gure iparrorratza hurrengo lau urteetan. Gure lehentasuna Zaratamoko herritarrak izango zarete  eta batez ere, behar gehien duzuen herritarrok edota edozelango jazarpena edo diskriminazioa jasaten duzuenok.

Zaratamoko etorkizuna denon artean, ezberdinen arteko elkarrelanean eraiki nahi dugu eta horretarako, aniztasunari errespetua, ezberdinekin enpatia eta ongi komunarekin konpromisoa izango dugu ardatz gure udalgintzan. Gure udal jarduna  erantzukizun sozialean oinarrituko da eta beti jarrera proaktiboa izango dugu Zaratamoko herritarren artean ilusioa sortzeko eta une oro aurre hartuko diegu herritarrok izan ditzakegun arazoei. Arreta berezia jarriko diogu ingurugiroari eta baliabideen erabilera jasangarriari. Hemendik Aurrera gure politikak  aurrera ekitatean oinarrituko dira. Zaratamo justuago, zuzenago eta solidarioago bat  garatu nahi dugu, eta horretarako, ezinbesteko izango ditugu ezberdinen arteko adostasunak eta elkarlana.

Zaratamo bizia nahi dugu, Zaratamon bizi nahi dugulako eta gainera ondo bizi nahi dugulako. Hori lortze aldera udalean agintea kudeatzeko kultura berria garatuko dugu, herritarren borondatea eta ongizatea ardatz hartuta inposaketarik gabeko herri proiektuan sakonduko dugu. Herritarren arteko hausnarketa zabal eta partekatuak eramango ditugu aurrera. Zaratamon herritar ahaldundu eta zoriontsuen herri librea dugu amets eta hortara goaz.

Gure udalgintzan gardenak izango gara eta webgune honetan herritarrok udalaren informazioa osoa  izango duzue eta gurekin harremanetan jartzeko eta izapideak telematikoki egiteko erraztasunak izango dituzue.

Animo eta aurrera. Besarkada bat.